ARETXABALETA LANBIDE ESKOLA

LHko ikasleak lan mundura lehen urratsa emateko prest

Lehen mailako ikasleek praktikak hasiko dituzte datozen asteetan, etorkizuneko lan-esperientziaren oinarriak jarriz

Datozen asteetan, Lanbide Heziketako (LH) lehen mailako ikasleek praktikak hasiko dituzte enpresetan, ikasgelatik lan-mundura jauzi garrantzitsua eginez.

Duela lau urte, ikastetxeak berrikuntza-proiektu pilotu bati ekin zion, eta horren bidez erdi-mailako eta goi-mailako zikloetako lehen mailako ikasleek praktikak lehenengo ikasturtean bertan egitea ahalbidetu zen. Helburua argia da: ikasleek ahalik eta azkarren errealitate profesionala ezagutzea eta ikasitakoa testuinguru praktikoetan aplikatzea.

Lehenengo esperientzia horrek jarraipena izango du bigarren mailan, dual aurreratuaren bidez. Eredu horretan, ikasleek ikasketak eta lana uztartzen dituzte, ordainsaria jasoz eta benetako lan-esperientzia eskuratuz.

Ikastetxeak eskaintza zabala du gaur egun. Erdi-mailan, erizaintzako zaintza osagarriak, menpekotasun-egoeran dauden pertsonen arreta, mekanizazioa, soldadura eta galdaragintza, karrozeria eta elektromekanika lantzen dira; goi-mailan, berriz, automozioa eta eraikuntza metalikoak.

Aukera zabal horrek erronka handia ere badakar: ikasle guztientzat praktikak aurkitzea. Gainera, zenbait kasutan adingabeak direnez, enpresetan kokatzea are konplexuagoa izaten da, bete beharreko baldintzak direla eta.

Hala ere, ikastetxeak nabarmendu nahi izan du enpresek egiten duten ahalegina eta erakusten duten konpromisoa. Zentzu horretan, eskerrak eman dizkie GSR, Jose Arana, Debagoieneko Mankomunitatea eta eskualdeko udalei, besteak beste, ikasleen prestakuntzan duten inplikazioagatik.

Etorkizunari begira, lankidetza hori funtsezkoa izango da ikasleei kalitatezko esperientzia praktikoak eskaintzen jarraitzeko.

2026-04-16
top
ARETXABALETA LANBIDE ESKOLA  © 2021
X